Sarrera
Azken urteetan museoak funtsezko toki bihurtu dira kultur hedapenerako. Jende asko joaten da museoetara eta ikasteaz gain ongi pasatzen dute bertako baliabideekin, gero eta erakargarriagoak eta interesgarriagoak baitira. Batzuk toki berezi bihurtu eta kokatu diren hiriko sinbolo dira, hala gertatzen da Bilboko Guggenheim museoarekin, esaterako.
Badira, ordea, hain ezagunak ez izan arren oso interesgarriak eta erakargarriak diren museoak ere. Makro-webquest honetan zurekin bizi direnei zuk museo horien berri ematea nahi genuke. Hori dela eta, museo horien kokapenari eta intereseko gaiei buruzko txosten labur bat presta dezazun, gidatu egingo zaitugu. Hori egiteko, informazio estatistikoa erabiliko duzu eta honi esker Matematikako alor honi buruz gehiago ikasiko duzu.
Ikasiko duzuna
Makro-webquest honetan ikasiko duzu:
Informazioa antolatzen, egoki gordetzen eta zure lanaren prozesua kontrolatzen, modu arduratsuan autoebaluatuta.
Datu multzo baten batez besteko aritmetikoa kalkulatzen eta horiek adierazteko diagramak egiten, kalkulu-orria erabilita eta aurkezpena zainduta.
Museo horietako bakoitzerako bidaiaren aurrekontua egiten kalkulu-orria erabilita, diruaren erabilera egokia gogoan izanda.
Datu batzuk sistematikoki konparatzen eta ondoren erabaki bat hartzen, datu horiek kontuan izanda eta horretarako arrazoiak justifikatuta.
Zure proposamena publikoki defendatzeko aurkezpena prestatzen.
Aurkezpena
Egiteko honetan zure irakasleak emango dizun azalpena entzungo duzu lana egin aurretik. Azalpenak bi zati izango ditu:
Lehenengo zatian landu behar duzun gaia azalduko dizute, kasu honetan, museoak eta museoek gure ezaguerak areagotzeko eta gure aisian erabiltzeko duten interesa. Azalpena adi entzun ondoren, gaiari buruz interesatzen zaizkizun gauza guztiei buruz galdetzea komeni zaizu, lanean hasten zarenean ikertu beharreko gaia argi izan dezazun. Nola entzuterakoan hala galderak egiterakoan aktiboa izatea gomendatzen dizugu.
Bigarren zatian lana nola garatuko den azalduko dizute:
Lana banaka ala taldean egin behar den, eta taldean egin behar bada, taldeak nola osatuko diren.
Zer egin behar duzun eta zer informazio izango duzun hori egiteko.
Azkenean zuk zer produktu egitea espero den.
Egiteko duzun denbora eta denbora hori lan-saioetan nola banatzen den.
Hori egiteko dituzun espazioak eta baliabideak.
Zure lana nola kontrolatu eta ebaluatu behar duzun.
Lan honetan nola kalifikatuko zaituzten.
Azalpen guztiak adi entzutea komeni zaizu eta lana egiten hasi aurretik jakitea komeni zaizun guztiari buruz galdetzea ere bai.

