Sarrera
Makro-webquest honetan, idazki bat prestatzea proposatzen dizugu, etxera eramateko. Idazki horretan, zenbait gomendio egingo dituzu, ur gutxiago kontsumitzeko konpromisoa hartzeko. Dakizun bezala, ura ondasun preziatua da, eta ura aurreztea da ingurumena ondo zaintzen gehien lagundu dezakeen alderdietako bat. Askotan, ezarrita dauden zenbait ohituraren ondorioz, ez dugu ura ondo erabiltzen, eta ardura eta kontrol handirik gabe xahutzen dugu. Makro-webquest honetan, ohitura horiei buruz ikertu ahalko duzu, eta ikusi zer konpromiso har ditzakegun ohitura horiek hobetzeko.
Lan honetan, gurasoei eta familiako beste kideei idatziko diezu: ohitura desegokiak aldatzea proposatuko diezu, eta ohitura egokiei eutsi behar diezuela azpimarratu. Gainera, modu aktibo eta pertsonalean parte har dezazun iradokitzen dizugu, zure ohiturak hobetzeko.
Ikasiko duzuna
Makro-webquest honetan hauxe ikasiko duzu:
Informazioa zeure kabuz bilatzen, txukun eta arretaz gordetzen eta lan prozesua kontrolatzen, zeure burua modu arduratsuan ebaluatuz.
Lortutako datuak eta ura aurrezteko ohituretan inplikatutako aldagaiak aztertzen, uraren erabiltzaile onaren profila zehazteko.
Inkestak egiten, galdesorta prestatuta, eta datuak modu eraginkorrean biltzen, ondoren estatistika-kalkuluak azkar egin ahal izateko.
Lortutako erantzunen maiztasun absolutuak eta erlatiboak modu eraginkorrean kalkulatzen, kalkulu-orria erabilita, eta barra-diagramak sortzen lortutako datuak irudikatzeko, horretarako kalkulu-orria erabilita.
Lortutako datuak, taulak eta grafikoak bilduko dituen balorazio-txosten labur bat idazten, datuak eta balorazioen gisako ondorioak bereizita, azalpena argia izan dadin zainduz.
Gurasoentzako gutun bat idazten. Gutun horretan, zure ustez zer ohitura hobetu behar diren azalduko diezu, eta modu aktiboan parte hartzeko konpromisoa hartuko duzu, zuen etxean gomendio horiek aplikatzeko.
Egin beharreko egitekoak
Egiteko honetan, lana egin aurretik, zure irakasleak emango dizun azalpena entzungo duzu. Azalpenak bi zati izango ditu:
Lehenengoan, zer gai landuko duzun azalduko dizute. Kasu honetan, uraren kontsumoarekin lotutako etxeko ohiturak aztertzea izango da zure zeregina. Azalpena arreta handiz entzun ondoren, komeni da gai horren inguruan interesgarriak iruditzen zaizkizun kontuei buruz galdetzea, lanean hasten zarenean oinarrizko nozioak garbi izan ditzazun ikertu behar duzun gaiari buruz. Bai entzutean eta bai galdetzean aktibo izatea gomendatzen dizugu.
Bigarren zatian, lana nola egin beharko duzun azalduko dizute:
Lana bakarka edo taldeka egin beharko duzun, eta, taldeka egin behar baduzu, taldeak nola osatuko diren.
Zer egin behar duzun eta zer informazio izango duzun hori egiteko.
Azken produktua nolakoa izatea espero den.
Zenbat denbora izango duzun lana egiteko eta lan-saioak nola banatuko diren.
Zer gune eta baliabide izango dituzun lana egiteko.
Nola kontrolatu eta ebaluatu behar duzun zure lana.
Nola kalifikatuko zaituzten lan honetan.
Komeni da azalpen guztiak arreta handiz entzutea eta lanean hasi aurretik behar duzun guztia galdetzea.

