Sarrera
Makro-webquest honetan proposatzen dizuguna txosten digital txiki bat da Euskal AEko nekazal turismoaren ezaugarriei eta eboluzioari buruz. Nekazal turismoa esaten zaio landa inguruan egiten denari, ostatu gehienak garai bateko baserriak dira eta baserri horien jarduera erabat edo zati batean aldatu egin da; ondorioz, nekazaritza edota abeltzaintza arloko ekonomiatik turismo arlokora igaro dira. Ostatuaz gain ikuspegi etnografikotik interes handia duten alderdiekin harremanak eskaintzen dituzte eta natura ezagutzeko ere oso interesgarriak dira. Jakingo duzunez, goraka doan sektorea da eta eskariak ere ugaritzen ari dira. Landa inguruaren ustiaketa ekonomikorako alternatibetako bat izan daiteke.
Lan honetan turismo mota honi buruzko alderdi batzuen gaineko txosten labur bat idatzi behar duzu. Horretarako, egiten dituzun lan guztiak formatu digitalean jasoko dituzu. Amaitutakoan txostena egiteko erabiliko dituzu.
Ikasiko duzuna.
Makro-webquest honetan ikasiko duzu:
Informazioa antolatzen, egoki gordetzen eta zure lanaren prozesua kontrolatzen, modu arduratsuan autoebaluatuta.
Modu autonomoan informazio aurkitzen, formulario bat erabilita.
Datu absolutuen portzentajezko balioa edo balio erlatiboa kalkulatzen, kalkulu-orri bat erabilita.
Estatistika serie baten datuak kontuz adierazten histograma edo sektoreen diagrama baten bidez eta kalkulu-orria erabilita eraikitzen.
Jasotako datuak laburtu eta kritikoki baloratuko dituen txosten bat prestatzen, ezarritako gidoi bati jarraituaz eta horren bertsio digitala egiten, software egokia erabilita.
Aurkezpena
Jarduera honetan zure irakasleak emango dizun azalpena entzungo duzu lana egin aurretik. Azalpenak bi zati izango ditu:
Lehenengo zatian landu behar duzun gaia azalduko dizute, kasu honetan, nekazal turismoa. Azalpena adi entzun ondoren, gaiari buruz interesatzen zaizkizun gai guztiei buruz galdetzea komeni zaizu, lanean hasten zarenean ikertu beharreko gaia argi izan dezazun. Nola entzuterakoan hala galderak egiterakoan aktiboa izatea gomendatzen dizugu.
Bigarren zatian lana nola garatuko den azalduko dizute:
- Lana banaka ala taldean egin behar den, eta taldean egin behar bada, taldeak nola osatuko diren.
- Zer egin behar duzun eta zer informazio izango duzun hori egiteko.
- Azkenean zuk zer produktu egitea espero den.
- Egiteko duzun denbora eta denbora hori lan-saioetan nola banatzen den.
- Hori egiteko dituzun espazioak eta baliabideak.
- Zure lana nola kontrolatu eta ebaluatu behar duzun.
- Lan honetan nola kalifikatuko zaituzten.
Azalpen guztiak adi entzutea komeni zaizu eta lana egiten hasi aurretik jakitea komeni zaizun guztiari buruz galdetzea ere bai.

