Deskripzioa: Jarduera honetan informazio estatistikoa bi modutan ematen da: taula batean eta histograma batean. Ikasleek informazioa ulertzeko moduan irakurtzea eta, gero, informazio horren ondorioak ateratzea lortu nahi da. Histograma biztanleriaren piramide bat da, baina ez dago ohiko moduan jarrita; beraz, pixka bat zailagoa da datuak irakurri eta interpretatzea.
Galderetako batean kalkulu bat egin behar dute, adin-talde jakin batek biztanle guztien aldean zein ehuneko duen jakiteko. Hori egitea pixka bat zailagoa da.
Garrantzitsutzat jotzen duten daturen bat bilatzeko ere eskatzen zaie, eta gero azaltzeko. Horren bidez, ikasleen ekimena eta autonomia bultzatu nahi da.
Jardueraren bigarren atalean, taula bateko datuak horiek irudikatzen dituzten sektore-diagramekin alderatzeko eskatzen zaie. Gerta daiteke kalkuluren bat egin behar izatea, baina ahal den neurrian halakorik ez egitea iradoki behar zaie.
Gaitasun gakoak:
- Matematika, digitala, soziala eta hiritarra
Gaitasunak:
Datu estatistikoak, absolutuak zein erlatiboak, edota parametro estatistikoak erabiltzea eskatzen duten problemak modu arrazoituan eta kritikoan ebaztea.
Taula, grafiko, diagrama edo testuetan barne hartutako informazio estatistikoa modu kritikoan irakurtzea eta interpretatzea, datu absolutuak eta erlatiboak bereizita (portzentajeak, tasak).
Erabileraren testuingurua:
Zailtasun maila:
2