Deskripzioa: Jarduera honen bidez, Unitate Didaktiko honetan erabilitako informazio matematikoa (kontzeptuak eta prozedurak) jaso eta laburbildu behar dira.
Informazioaren hasieran estatistikaren kontzeptuaren jatorri historikoari buruz hitz egingo da. Gure ustez garrantzitsua da ikasleak jakintzaren jatorri historikoaz eta kulturalaz ohartzea; kasu honetan, jakintza matematikoa.
Ondoren, datuak antolatzeko taulak erabili behar direla azaltzen da eta taularen kontzeptua definitu da: tauletan datuak antolatzen dira, errenkadetan eta zutabetan. Definizio hori azpimarratu behar dute, buruz ikastea komeni delako. + Taula bat erakutsiko dugu aurreko definizioaren adibide moduan.
Ondoren datu absolutuen eta erlatiboen arteko ezberdintasunak azaltzen ditugu. Hurrengoa ere azpimarratu behar da: balio absolutuek balio hutsak adierazten dituzte; balio erlatiboek zati baten eta guztizkoaren arteko ehunekoa adierazten dute. Ikasleek bi definizio horiek buruz ikastea komeni da.
Lehen atal hau amaitzeko bi galdera egingo zaizkie ikasleei: lehenengo galdera “zer da taula bat?” da: definizioa jada eman da eta kopiatu besterik ez dute egin behar; bigarrena pixka bat zailagoa da eta balio erlatiboak zatikiekin erlazionatu dituzten jakiteko balioko du, kontuan hartu behar baita datu erlatibo bat zatiki bat dela eta ehunekoak egokiak direla mota horretako kopuruak adierazteko.
Bigarren orrialdean diagrama mota ezberdinak izendatu dira; diagrama kartesiarrak eta sektore-diagramak bereizteko eskatuko zaie ikasleei. Diagrama kartesiarrak koordenatuen ardatzen diagramekin erlazionatu behar dituzte eta sektore-diagrama osotasun baten zatien irudikapen zirkularrarekin. Garrantzitsua da diagrama kartesiar mota desberdinen izenak ikastea. Era berean, garrantzitsua da diagramaren definizioa azpimarratzea.
Amaitzeko galdera pare bat egingo zaizkie. Lehenengoan diagramaren definizioa emateko eskatuko da. Goialdean dago. Bigarren galderaren erantzuna lehenengoarenaren antzekoa da. Sektore-diagrama erabiliko dugu osotasun baten zatiak irudikatzen dituelako eta horrek erakusten dituelako balio erlatiboak.